MIGRARIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

2020/12/1

Food for Thought: a European Recipe Book for Migrant Inclusion

MIGRARIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Zertan datza proiektua :

Erasmus plus Europar Batasunak hezkuntza sustatzeko, gazteen formakuntza eta kirola sustatzeko duen programa oso indartsu bat da. Gure ikastolak parte hartzen du proiektu batekin Erasmus Plusen.

Proiektuak Food for Thought: a European Recipe Book for Migrant Inclusion (“ Hausnartzeko gaia: Migrarien Inklusioa Bideratzeko Europar Errezeta Liburua ” bezala itzul daiteke) du izena, eta migrarien inklusioa lantzen du beste hiru herrialdeetako ikasleekin batera (Polonia, Finlandia eta Siziliako hiru ikastetxe).

Nahiko buruhauste baditugu jarduerak garatzeko pandemia dela eta, baina oztopoak oztopo, ari gara lanean.

Migrariaren Nazioarteko Egunaren harira, zerbait berezia nahi genuen egin.

Gure ikasleetako zenbaitekin, migrari diren edo famili migrarietakoak diren ikasleekin bildu ginen. Migrazioaren fenomenoa etxean bizi (izan) dutenekin. Euren esperientziaz hitz egin ziezaguten nahi genuen. Hizketaldi haietatik atera zen euren lekukotasunak bildu eta erabiltzeko ekimena.

Testu laburrak eskatu genizkien. Idatzi labur baina indartsuak, euren bizipen, oroitzapen, gertakari eta etorkizuneko nahiak jasoko lituzketenak.

Errealitate mingots eta gordinak bildu genituen, baita oroitzapen gozoak eta borondatez burdinazkoak ere: gerratik ihes egin beharra, amarengandik urteetarako banatu beharra, zailtasun ekonomiko edo linguistikoak… baina baita aurrera egiteko erabaki irmoa ere.

Gaur, UROLA IKASTOLA BHIko ikasle bakoitzak horietako bat aurkitu du bere idazmahaiaren gainean. Eta klasean gogoeta egiteko aukera izan dugu denok.

Zinez benetakoa izan da. Benetan ederra.

IZARRAITZ HANDIA DA GERO!

2020-12-17

Mendi buelta handia egin zuten abenduaren 17an, ostegunez, Batxilergoko 2. mailako geografia ikasgaiko hogeitaka lagunek.

Azpeitiar zein Beizamatarrentzat paraje berriak ziren gainera Erlorainokoak, Zestoa aldetik abiatu ginenez. Haraino autobusez joan ginen, eta gailurretik behera Azpeitira jaitsi. Keratxoak han eta hemen egin ziren, Erdi Aroko jauregi eta burdinolen arrastoen aurrean, adibidez.
Gailurrean, haizerik gabe eta ikusmira ezin ederragoarekin mokadua jan, eta behera.

Mendian aurkitu genituen ikazkinen jaiotetxe eta txondor-plazak, elurzulo eder bat, kanpoko espezieen zuhaitz landaketa nahiz bertako basoak, eraitsita artzai txabola zenbait, eta teilatu berrituarekin bakarren bat ere bai.
Ehiztari eta astoak ere gure ibileran gurutzatu genituen.

Hala ere, mangaziorik ez dute ikasleek, ezetz esan digute behintzat. Irakasleak berriz, ebaki ebaki eginda zeuden arratsaldean.

Argazki guztiak ikusteko klikatu hemen.

GURE ETXEETARA IRISTEN DEN URA (DBH 1)

2020-12-14

Baliabide naturalen artean baliotsuenetarikoa eta beharrezkoenekoa dugu ura.
Egunero etengabe erabiltzen dugu ura; baina, gure etxeetara iristen den ura nondik datorren eta zer prozesuren bidez ziurtatzen den ona dela edateko jakin nahi genuen.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak eskaintzen dituen bisita gidatuen ordez, aurrez aurreko hitzaldiak antolatu dira. Aste honetan, Ingurumen-hezitzaile adituak Uraren hornidura (urtegia eta edateko uren arazkerta) landu du eta urtarrilean, Hondakin-uren arazketari buruzko saioa eskainiko die uraren ziklo artifiziala osatzeko. 

Euskararen eguna

2020/12/3

Euskararen nazioarteko eguna denez, hainbat ekintza prestatu ditugu 11:30 eta 14:30 artean: denbora-pasak antolatu dira, Euskararen tamainari buruzko hausnarketak egingo dira zenbait bideo ikusi ondoren, lehiaketak egongo dira, bideoak, abestiak... Baita txokolatea ere.

Ikusi PREGOIAREN BIDEOA

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko eguna

2020/11/25

Dakizuen bezala, aurreko asteazkena Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko eguna izan genuen. Oraindik ere emakumeok munduan zehar jasaten dugun maila bateko edo besteko desberdintasun eta indarkeriari aurre egiteko eguna izan genuen. Urola Ikastola BHIko komunitateko kide gisa erantzunkizun saihestezina dugu indarkeria hori garaiz identifikatu eta aurre egiteko.

Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan aurrera pausoak emateko konpromisoa agertzeko aprobetxatu genuen. Aurten distantziak mantentzera eta jende pilaketak ekiditera behartuta gaudenez, gelaka atera genituen argazkiak ikastetxeko frontoian. Zerbait morea jantzita ekartzeko proposamena ere luzatu genien.