Arte erakusketa San Agustinen Batx 2ko AGPT-ko ikasleen eskutik

AGPTko Batx 2ko ikasleek erakusketa bat antolatu dute Kulturaz Kooperatiba eta Dinamoko kideekin.

Zuen begirada pizteko, ideiak partekatzeko, landu ditugun gaien inguruko elkarrizketak edukitzeko, eta artearekiko gozamenerako maiatzak 22-28 artean San Agustinera gonbidatzen zaituztegu.

Gorputza, natura, pribatuaren eta publikoaren arteko mugak, identitatea eta aldarrikapenak. Horiek hizpide genituen gaiak. Eta horien inguruko gogoeten emaitza ikaskideon lanok. Norbere ikuspuntua islatzeko abagunea izan dugu ikasturte honetan. Egile bakoitzaren sentimenduak islatzen ditu lan bakoitzak. Askotarikoak garen heinean, lan bakoitza mundu bat da, erakutsi nahi izandako istorio edo sentimendu bat. Eta lan bakoitzak ez du eragin bera izango guztiongan. Lan hauetan, hamaika teknika erabiltzeko aukera izan dugu, eta horri esker, bakoitzaren xarma eta nortasuna ezagutu dugu. Gure garapenean eragin du horrek: ezagutza berriak garatu ditugu, berez jada bagenituenak, baina oraindik gureganatuak ez genituenak. Eta ez du soilik garapen artistikoan eragin, maila pertsonalean ere eragin digu.

Egunerokotasunari lotutako arloak jorratu ditugu; gorputza, kasu. Izan ere gorputzak onartzea, eta gorputz —zein nortasun— aniztasuna egunetik egunera sona handiagoa duen gaia da.  Stencil-a, linograbatua eta autorretratua dira erabilitako teknika. Stencil-arekin txantiloiak sortu genituen, eta horiek baliatuta hainbat koloretako grafitiak egin genituen. Linograbatuari dagokionez, Isabel Muñoz argazkilariaren lanen batean oinarritutako irudiak egin genituen. Lehenik, gomazko oinarri batean irudikatu genuen aukeratutako irudia; jarraian erliebean eman genion eta kartulina batera pasa genuen, tinta beltza erabilita. Autorretratuarekin hasteko, argazkiak atera genituen, itzalen eta argien arteko jokoari etekina atera nahian. Ondoren, hainbat arkatz baliatuta, norberaren zein besteen argazkiak paperean marrazteari ekin genion. Askotarikoak dira lanak, desberdinak, gutako bakoitzak bere erara egin baititu. Zirkulu kromatikoaren teorian oinarrituta, kolore biziak eta ikusgarriak dituzte batzuen obrek; beste batzuk, berriz, kolore aniztasun ezagatik nabarmentzen dira: zuria eta beltzaren nahasketekin jolastu, eta kolore-sorta ugari sortuta.