EUROPE ON THE SCREEN: eKIN proiektuaren barruan estreinako ikastaroa jaso dute ikasleek DINAMOAn!

Proiektu honetan, zinemaren bitartez, gizarte gisa hemen nahiz Europan ditugun auziei buruz (lkrisi global askotarikoak, gizarte inklusiboa lortzea, digitalizazioaren abantaila eta arriskuak...) hausnartu eta ahal bada hoberako aldatzen saiatzea da helburua. UROLA IKASTOLA BHI Finlandian dagoen Tornio hiriko ikastetxe batekin (TORNION YHTEISLYSEON LUKIO) lankidetzan ari gara.

 

Joan den martxoaren 6tik 8ra bitaretan, hiru saio mamitsutan lanean hasi gara zinema mundura hurbiltzen DINAMOAn

 

Martxoaren 6an, astelehenean, hizkuntza eta elementu zinematografikoak landu genituen. Adibidez, plano motak bereizten ikasi genuen eta istorio bat asmatu eta garatu behar izan genuen plano horiek erabiliz. Hurrengo egunean, martxoaren 7an, storyboard delakoaren gainean aritu ginen. Ikasleei emandako bi istorioetatik abiatuta haien irudi-gidoia edo storyboarda garatu behar izan zuten irudi gutxi batzuk erabiliz, eta bezperako saioan landutako plano motak aplikatuz. 

Asteazkenean soinuaz aritu ziren ikasleak, eta Dinamoko Soinuaren eremuan grabaketetan erabiltzen diren mikrofonoak probatu zituzten. 

 

Hurrengo hitzordua apirilean izango da. Elkartrukean etorriko diren ikaskide finlandiarrekin batera bi zine-forum jarduera izango dituzte DINAMOAn. Pelikulen proiekzioa eta ondorengo eztabaida aberatsagoa izango da lehen ikastaro honetatik jasotakoei esker.