Umeek Gurasoen Lana

Karmelo Etxegaraiko LH1. eta 2. mailako “Txalintxo” taldea, "Umeek Gurasoen Lana" ezagutzeko proiektuaren barruan: Azpeitiko Urola Ikastola BHI-ko Teknologiako tailerrean bisitan izan ditugu.

Bertan, DBH-ko maila ezberdinetan proiektuak nola burutzen diren ikusi eta amaitutako proiektuekin jolasteko aukera izan dute.  

 

DBH2ko ikasleak Hazparneko ikasleekin elkartrukean

Hilabeteak daramatzate DBH2ko zenbait ikaslek Hazparneko Elhuyar kolegioko ikasleekin elkarlanean. Eskutitz trukaketarekin hasi zuten euren arteko harremana, eta martxoan Hazparneko ikasle zein irakasleen bisita jaso genuen. Urola Ikastolako ikasleek hainbat ekintza prestatu zituzten Elhuyar kolegioko ikasleek gure herria ezagut zezaten, eta orain haien txanda izan da Urola ikastolako ikasleak euren herrian hartzeko.

Maiatzaren 25eko goizean, Elhuyar kolegioko zuzendariaren harreraren ondoren, herria bisitatzeko aukera izan zuten gure ikasleek, eta udaletxean harrera ere egin zigun udal ordezkari batek. Bazkalostean Hazparneko lagunak agurtu eta Bidarraira joan ginen rafting egitera.

 

Arte erakusketa San Agustinen Batx 2ko AGPT-ko ikasleen eskutik

AGPTko Batx 2ko ikasleek erakusketa bat antolatu dute Kulturaz Kooperatiba eta Dinamoko kideekin.

Zuen begirada pizteko, ideiak partekatzeko, landu ditugun gaien inguruko elkarrizketak edukitzeko, eta artearekiko gozamenerako maiatzak 22-28 artean San Agustinera gonbidatzen zaituztegu.

Gorputza, natura, pribatuaren eta publikoaren arteko mugak, identitatea eta aldarrikapenak. Horiek hizpide genituen gaiak. Eta horien inguruko gogoeten emaitza ikaskideon lanok. Norbere ikuspuntua islatzeko abagunea izan dugu ikasturte honetan. Egile bakoitzaren sentimenduak islatzen ditu lan bakoitzak. Askotarikoak garen heinean, lan bakoitza mundu bat da, erakutsi nahi izandako istorio edo sentimendu bat. Eta lan bakoitzak ez du eragin bera izango guztiongan. Lan hauetan, hamaika teknika erabiltzeko aukera izan dugu, eta horri esker, bakoitzaren xarma eta nortasuna ezagutu dugu. Gure garapenean eragin du horrek: ezagutza berriak garatu ditugu, berez jada bagenituenak, baina oraindik gureganatuak ez genituenak. Eta ez du soilik garapen artistikoan eragin, maila pertsonalean ere eragin digu.

Egunerokotasunari lotutako arloak jorratu ditugu; gorputza, kasu. Izan ere gorputzak onartzea, eta gorputz —zein nortasun— aniztasuna egunetik egunera sona handiagoa duen gaia da.  Stencil-a, linograbatua eta autorretratua dira erabilitako teknika. Stencil-arekin txantiloiak sortu genituen, eta horiek baliatuta hainbat koloretako grafitiak egin genituen. Linograbatuari dagokionez, Isabel Muñoz argazkilariaren lanen batean oinarritutako irudiak egin genituen. Lehenik, gomazko oinarri batean irudikatu genuen aukeratutako irudia; jarraian erliebean eman genion eta kartulina batera pasa genuen, tinta beltza erabilita. Autorretratuarekin hasteko, argazkiak atera genituen, itzalen eta argien arteko jokoari etekina atera nahian. Ondoren, hainbat arkatz baliatuta, norberaren zein besteen argazkiak paperean marrazteari ekin genion. Askotarikoak dira lanak, desberdinak, gutako bakoitzak bere erara egin baititu. Zirkulu kromatikoaren teorian oinarrituta, kolore biziak eta ikusgarriak dituzte batzuen obrek; beste batzuk, berriz, kolore aniztasun ezagatik nabarmentzen dira: zuria eta beltzaren nahasketekin jolastu, eta kolore-sorta ugari sortuta.

 

Jasone Osoro DBH1eko ikasleekin

Idazleak ikastetxean programaren barruan, Jasone Osoro idazlearen bisita jaso zuten aurreko astean DBH1eko zenbait ikaslek. Osororen Eskularru Beltzak izan da aurten DBH1eko irakurgaietako bat, eta gustura hartu zuten lehen mailako ikasleek irakurri duten liburuaren idazlearen bisita.

Hasteko, Elgoibarko idazlea sormenari eta irudimenari buruz hizketan aritu zitzaien gaztetxoei, eta interes eta jakinmin handia sortu zituen. Gero, ikasleen txanda izan zen idazleari galderak egiteko: haren ibilbideari eta irakurri berri duten liburuari buruzkoak izan ziren galdera gehienak. Labur egin zitzaien ikasleei idazlearekin pasatutako ordua, hain izan zen interesgarria saioa!

 

Lanbide Heziketara hurbilpena

Lanbide heziketan aurrematrikula egiteko epea irekita dago (maiatzak 8tik 26ra) eta ikasleek erabakiak hartu behar dituzte. Beraz, horretan laguntzeko, maiatzak 11an, Gerolanek antolatuta, eskualdeko bost ikastetxeetatik Izarraitz Lanbide Eskolara joan ginen bisitan. Urola BHItik 20 ikasle inguru joan ginen. Bertako zuzendariak aurkezpen txiki bat egin ostean, ikasle bakoitza gehien interesatzen zitzaion zikloetara hurbildu zen: egurra, arreta edo mekanizazioa. Behin irakasleen azalpenak entzunda eta instalazioak ikusita, enpresetara joan ginen bisitan. Informazio zabala jaso zuten ikasleek eta langile zein zikloetako irakasleei galderak egiteko aukera ere izan zuten. Espero dugu lagungarria izatea eman beharreko pausuak erabakitzeko.